irati
viernes, 26 de mayo de 2017
Amaiera
Kurtso osoa igaro da jada eta blogari amaiera emateko ordua iritsi da! Eskerrak eman nahi dizkizuet nire bloga irakurri duzuen guztio, baita idatzi dizkidazuten iruzkinengatik ere, horiei esker nire bloga hobetzen saiatuko bainaiz hurrengo baterako! Motza egin da ikasturtea, baina amaitu da! Asko ikasi dut urte honetan, baita jende asko ezagutu ere. Plazer bat izan da kurtso hau zuekin konpartitu izana!! Uda ona izan denook, eta irailean ikusiko dugu berriro elkar!! Muxuu!!
viernes, 5 de mayo de 2017
GAINERAKOEN AURKEZPENEN SINTESIA
CURRICUGAINERAKO TALDEEN AHOZKOEN LABURPENAK:
GLOBALIZAZIOA (SEIKOTE)
Globalizaziorako hainbat metodo daude eta hau justifikagarriak dira ikaskuntzaren helburu eta esanahien arabera. Metodoak:
- Proiektuak→ objektu bat elaboratzea, hura finkatuz, sortuz eta ebaluatuz.
- Inguruaren ikerketa→ ikaslearen intereseko gaiak ikertu, ikaslea ikerlari izanik.
- Interes gunea→ landutakoak haurren eguneroko beharrak asetzea ezagunetik hasiz.
Hala, honen helburua ikasleek dakitenaren eta ikasten dutenaren arteko uztarketa egitea da.
Aurkezpenari dagokionez, kontzeptua ondo ulertzeko balio izan dit eta ondo azaldutako aurkezpena iruditu zitzaidan.
APRENDIZAIA ESANGURATSUA (LAS DIVINAS)
Ezagutza zaharrak eta berriak elkartzen dituen teoria psikologiko eta pedagogikoa da. Honen ustez ikaskuntza bat emateko, emango den materiala ikaslearen aurre-ezagutzekin lotu behar da. Ez da ikaste memoristiko bat, loturen bidezkoa baizik; eta honela ikasitako gauzak ahaztea zailagoa da, egonkorragoa da, ez aprendizaia mekanikoan bezala. Honen aurrean, irakasleak, haurren motibazioa eta parte-hartzea bultzatu beharko ditu.
Ondo landutako aurkezpena izan da eta oso baliagarria denontzat.
ANIZTASUNA (GALTZAGORRIAK)
Lehenik eta behin sexismoa (heteropratriarkatua ez dena gutxiestea) eta hezkidetza (sexismoa baztertuz heztea) terminoak azaldu zituzten. Hauek oinarri hartuta, esan dezakegu, espazioa (kaleen izen, eskulturak) eta hizkuntza (maskulino orokortzailea) sexistak direla. Argi dago, partaidetza bultzatu behar dela, orain arte emakumeei mugatu zaiena. Honetan guztian, irakasleak jokatzen duen papera erabakigarria izango da.
Aurkezpenari dagokionez, oso gai interesgarri iruditu zitzaidan eta denok kontuan hartu beharko genukeen gai bat dela uste dut.
HEZKIDETZAN ESKU HARTZEA (ILUSIOEN INDARRA)
Emakumearen presentzia historian zehar gutxietsia izan da. Gutxiespen hau androzentrismoak eta sexismoak bultzatu dute, eta hauek, ezagutzaren jabetza kentzea dakarte; hau da, emakumearen lorpenak gizonari egokitzea.
Hezkuntzak bi generoen berdintasuna bilatu behar du, hezkidetza. Hala ere, curriculumak ez du betetzen eta hainbat pausu jarraituz hezkidetzara eskuratzera heldu beharko litzateke.
Oso landuta zuten aurkezpena izan zen eta oso argi azaldu zuten dena. Gainera, gaia, dena baino interesgarriagoa egitea lortu zuten. Lan ona!
CURRICULUMA (BOST)
Curriculumak hainbat eratan definitu da: ikasturtean eman beharreko gisa, eman beharreko hori antolatzea eta eskolan gertatzen den oro gisa. Hau burutzeko tarea eskolarrak daude, jarduera antolatuak dira ekintzak barne hartzen dituenak. Hauetan irakasleak berebiziko garrantzia du (kontrolatzen, gidatzen, ezberdintzen...) eta tareak, bere baitan ere, beharrezkoak dira irakaslearen formakuntzarako. Curriculum-ari buruzko informazioa izatea oso garrantzitsua da guretzat, eta gainera, oso ondo azaldu zuten guk ulertu ahal izateko.
IKASGELAKO PROGRAMAZIOA (ASA)
Programazioaren garrantziaz hitz egin ziguten haien ahozkoan, eta baita, programazio bat egiterakoan kontuan hartu beharreko atalei buruz ere. Atal horiek, aintzat hartu beharreko horiek hain zuzen ere, metodologia, helburuak, irakaste metodoak… dira. Gu irakasle moduan aritzeko oso baliagarria da jasotako informazioa. Aurkezpenari dagokionez, oso landua ekarri zuten eta ondo azaladua.
EBALUAZIOA (ROCKABYE BABY)
Ebaluazioaren helburua prozesu didaktikoa orokorki eta ikaslea indibidualki ezagutzea eta hobetzea da. Bi ebaluazio mota daude:
- Konpetentzien benetako ebaluazioa → eguneroko egoerak aurkeztu eta ebaluatzea.
- Ebaluazio hezigarria → ikaslearen arrakasta lortzea.
Ebaluazioan, prozesua egitean, “feedback”-a egiteak ikaslearen hobekuntza dakar.
Aurkezpena oso ondo azaldutakoa izan da eta oso baliagarria.
Etiquetas:
ANIZTASUNA,
APRENDIZAIA ESANGURATSUA,
CURRICULUMA,
EBALUAZIOA,
GLOBALIZAZIOA,
HEZKIDETZAN ESKU HARTZEA,
IKASGELAKO PROGRAMAZIOA
miércoles, 19 de abril de 2017
miércoles, 5 de abril de 2017
DIDAKTIKAKO AHOZKOA: BERRIKUNTZA
BERRIKUNTZA
SARRERA:
Berrikuntza gaiarekin hasteko, lehenik eta behin berrikuntza zer den jakitea behar beharrezkoa da ea honelaxe definituko genuke berrikuntza orokorki: aurretik dugunarekin haustea. Esan genezake esparru guztietan ematen direla berrikuntzak, hala nola, hezkuntzan, gizartean, gobernuan… Baina gure gaia hezkuntzaren arlotik bideratuko dugu, beraz, zer dira hezkuntzan ematen diren berrikuntzak?
Berrikuntza hauek hezkuntzan ematen diren aldaketak dira, eta hezkuntzako esparru guztietan ematen dira, baina, berrikuntzak ez du beti guztiontzako hobekuntza ekartzen, izan ere, batzuentzako onurak ekartzen dituen bezala, besteentzako kalteak ere ekar ditzake, beti baitaude haren aldeko zein kontrakoak, norberaren ideologiaren arabera. Baina argi dago, berrikuntza batek inplikazioa eskatzen duela denon aldetik, bai irakasle, guraso, ikasle… Hori dela eta, irakasle tradizionalei zaila zein gogorra egiten zaie berrikuntzen alde egitea, ohiturik eta erosotasunean bizi baitira eta aldaketak haien kalterako izango direla uste baitute.
Beste arrazoietako bat berrikuntzek izango dituzten ondorio eta emaitzak zeintzuk izango diren ez jakitea da, eta horren beldurrak eta pasibotasunak askotan berrikuntzak ez egitera eta haiekin bat ez etortzera garamatza. Gainera, berrikuntzaren bat ematen denean beti gertatzen da curriculumaren edo curriculum ezkutuaren aldaketaren bat.
Gure ustez, berrikuntza batek aurrerapena ekar dezake, baina aurrerapen honen aurrean iritzi ezberdinak ere egon daitezke, eta honen ondorioz, uste dugu, berrikuntza bat ematerako garaian denon iritzia kontuan izan behar dela eta ez bakarrik alderdi politikoena. Laburbilduz, hezkuntzarekin lotutako berrikuntzak ematerako garaian garrantzitsuena hezkuntzaren hobekuntzarako izatea da.
HISTORIAN ZEHAR:
Gaur egun normaltzat hartzen dugun arren, historian zehar berrikuntza asko eman dira hezkuntza sisteman, errotik aldatu eta gaur egun duguna sortu dutenak. Adibidez, gizonezkoek eta emakumezkoek ez zituzten eskubide eta betebehar berdinak. Gizonek ikasteko eskubidea zuten baina emakumeek ez, baina hau aldatzen joan egin da denborarekin eta zenbait pertsonei esker.
Emakumeek XVIII. mendera arte ezin izan zuten ikasi, eta asko borrokatu behar izan zuten hezkuntza eskubidea lortu ahal izateko. Honen adibide garbia da Concepción Arenal, eskubide honen alde borrokatu baitzuen. Concepcion Arenal idazle espainiarra izan zen. Bere liburuetan emakumeen eskubideak defendatzen zituen. Feminismo espainiarraren amatzat hartzen da. Bera izan zen unibertsitatera joan zen lehenengo emakumea, baina, horretarako, gizonezkoez mozorrotu egin zen.
Hezkuntzak berrikuntza ugari izan ditu, eta berrikuntza prozesu honetako aitzindarietako bat Francisco Giner de los Rios izan zen. Francisco Giner de los Rios espainiar pedagogo, filosofo eta idazle bat izan zen eta heziera liberala aldarrikatu zuen 1876an. Heziera liberala Espainian hedatu zen proiektu pedagogikoa izan zen, non, berrikuntzak pausu handi bat eman zuen, hezkuntzan, sozialean eta zuzenbideko gaietan. Heziketa liberalak emakumeei lekua eman zien hezkuntzan, honi esker hezkuntzarako sarbidea lortu baitzuten. Bi kongresu egin ziren honen inguruan, eta parte hartu zuten bi emakumeak Emilia Pardo Bazan eta Concepción Arenal izan ziren. Kongresu honetan feminismoaren inguruko
Emakumeei leku bat eman zien beste aitzindari bat Emilia Pardo Bazan izan zen. Emilia Pardo Bazan idazle eta kazetari galiziarra izan zen. Feminismoaren inguruko bere planteamenduak plazaratu zituen eta emakumeen eskubideak aldarrikatu zituen. 1882an, heziera liberaleko kongresu batean parte hartu zuen, emakumeen hezkuntza, egoera, eskubide eta betebeharrei kritika eginez.
Hezkuntzak, gaur egungo hezkuntzara iritsi arte, bilakaera handia izan du. Lehengo eredua hezkuntza prezeptorala izan zen, ondoren eskola primitiboa, eskola tradizionala, eskola postradizionala eta eskola berria egon zen. Eskola berria XIX. mendean hartu zuen indarra. Ereduekin hautsi eta gauza asko aldatu nahi izan zituen: metodologia, hezitzailea, hezigaia… Eredu honen aitzindaria Jean Jackes Rousseau da. Eskola Berriaren ereduarekin batera, metodologia desberdinak sortzen joan ziren; Montessori Metodoa, Maria Montessorik sortua, Decroly Metodoa, Ovide Decrolyk sortua… Ondoren, XX. mendean, Francesc Ferrer i Guardiak Eskola Modernoa sortu zuen eta Alexander Sutherland Neillek Summerhill eskola sortu zuen. Elvira Zipitriaren exte eskolak sortu ziren ere.
Aitzindari hauei esker emakumeak eskubide asko lortu ditu eta berrikuntza handia nabaritu da.
Beste berrikuntza mota bat nabarmentzearren, emakumeen egoeraz gain, metodologian ere aldaketak egon dira historian zehar. Izan ere, hainbat eskolek, berrikuntzen alde apustu egin dute azken hamarkadetan, eta honen adibide dugu Amara Berri ikastetxea. Amara Berriren kasuan, 5. eta 6.mailako ikasleek komunikabideen saioa dute non helburu nagusia teknologia berrien erabilera menperatzea den. Horretarako, web orriak, grabazioak, programak… egiten dituzte, beste hainbat jardueren artean. Egindako jarduera guztiak Txiki Web ikastetxeko web orrira igotzen dituzte, gainontzeko ikasleek ikus dezaten eta baita eurak beren burua ere.
Ikasle hauek aktiboki eta autonomoki parte hartzen dute, irakasleak gidatzaile papera hartzen duelarik. Horrez gain, lehen eta bigarren zikloko ikasleen lanak ere igotzen dituzte.
Hemen ikus dezakegu hain ezaguna dugun irakasle autoritarioaren figura aldatzen ari dela. Oraindik lana dago egiteko eta gauzak aldatzeko, baina bai emakumeen eta bai metodologia berrien kasuan, ikusi dugu berrikuntzak arrakasta izan duela, zaila izan den arren.
BERRIKUNTZA BEHARREZKOA DELA ERAKUSTEN DUTEN FAKTOREAK:
Dena den, gaur egun asko eztabaidatzen da, hezkuntzak hainbesterako berrikuntza behar duen ala ez; arlo guztietan den beharrezkoa.
Iruditzen zaigu, gizartea aldatu denerako, gure hezkuntza sisteman dagoen metodologia oso gutxi aldatu dela; hau da, ikasgaiak lantzeko erabiltzen den modua, duela urte batzuetan erabiltzen zenarekin alderatuta, oso antzekoa dela. Lehen egiten zen moduan, irakasleak eman behar duen materia modu teoriko batean ematen du lehenik eta denbora izanez gero egiten dira jarduera praktikoak. Egia da, pixkanaka metodologia aldatzen ari dela, eta gero eta talde lan eta lan praktiko gehiago egiten direla. Hala ere, badira beste faktore batzuk ere, hezkuntzan berrikuntza nahitaezkoa dela aditzera ematen dutenak, hala nola, hainbat gairi ematen zaien garrantzia urria. Artea, musika eta komunikazioa bultzatzen duten arloak beti egon dira zapalduak hezkuntzan biologia, historia eta horrelakoen aurrean.
Gure ustez, oso garrantzitsua da hitz egiten ari garen materia honetan berrikuntza bat ematea. Aurretik aipaturiko arloak postu garrantzitsu batean jarri behar ditugu hezkuntzan, izan ere, kontuan izan behar dugu ikus-entzuneko mundu baten bizi garela, eta artea, musika eta komunikazioa egoteaz gain, kultura, irudiak eta eskolaren parte-hartzea ere bilatu behar ditugula. Gainera, materia hau lantzeko erabiltzen diren lan metodologiak eredu izan beharko lirateke gainerako eduki guztiekin gauza bera egiteko, izan ere, pedagogia tradizionalak ahaztu dituen edukiak lantzen dituen metodologia gisa ulertzen baitira.
Gaien berrikuntzaz gain, gai horiek azaltzeko erabiltzen diren edukietan ere berrikuntza bat eman behar da. Aurrekoan Maiderrek eta azaldu zuten moduan, gauzak azaltzeko erabiltzen diren baliabideek inplizituki mezu sexista, xenofobo, matxistak… bidaltzen dituzte eta hori aldatu beharreko gauza bat da hezkidetzan eta berdintasunean oinarritzen den hezkuntza bat lortu ahal izateko.
IRAKASLEAREN ROLA:
Dena den, irakasleak ikasgelan jokatzen duen rola ere aldatzea beharrezkoa da guztizko berrikuntza bat emateko hezkuntzan. Izan ere, esan beharra dugu ikasgelara berrikuntza eramateko modu azkar eta bideragarriena irakaslea dela. Irakaslea izan beharko da haurrei berrikuntzaren oinarriak transmitituko dizkiena, eta hortaz, oso garrantzitsua da honek jokatuko duen paper edo rola.
Irakasleak izango duen lan handiena, ikasgela haurra eroso sentitzeko leku bilakatzea izango da. Bertan, haurrak, haien emozio eta pentsamenduak adierazteko guztizko askatasuna sentitu behar dute. Gainera, norberak bai bere buruarekiko, bai gizartearekiko, bai eta gainerakoekiko pentsamendu kritikoa izan dezaten lekua izan behar da. Ez zaio inori berea den zerbait aldatzera behartuko, baina bai emango zaio bulkada bat duen hori egokia den ala ez berak erabakitzeko.
Bestetik, irakasleak, haurraren sormena eta parte-hartzea bultzatu beharko ditu. Lehen esan bezala, bada garaia, haurren irudimenari eta haien arteko komunikazioari garrantzia ematekoa eta zer hobe, irakaslea lehen pausua ematen duena izatea baino.
Haurren parte-hartzea bultzatzeko, bai eta haien interesa pizteko ere, garrantzitsua da haurrarekin lotura duten gaien inguruan aritzea. Horretarako, ondo legoke, ikasle eta irakasleen artean informazioaren elkar-trukaketa bat egotea klaseak denon gusturako egiteko.
Irakaslearen irudiari dagokionez, behin berrikuntza emanda, oso garrantzitsua da irudi hau gutxitzea eta haurrari garrantzi gehiago ematea; hau da, orain arteko irakasle autoritarioaren figura alde batera utzi eta haurrengan zentratzea.
Azkenik, irakasleak, haiek irakatsi nahi dutena eta haurrek ikasiko dutena berbera izango ez dela onartzeko gai izan beharko dira, hau da, onartu beharko du agian ikasle guztiek ez dutela berak espero adina barneratuko, eta agian ez abiadura berdinean. Bere ikasgaia eta lan egiteko modua haurren beharretara egokitu beharko du, ez daitezen haurrak bere erritmo inposatura egokitu, batzuentzat zailegia izango baita. Beti ere haurrak eroso sentiarazi beharko ditu, eta animatu beraiek ahalik eta gehien saiatu daitezen.
Argi dago berrikuntzaren ardatzetako bat irakaslea dela, baina horrekin bakarrik ez da nahikoa, komunitate osoak egin behar du lana berrikuntza arrakastatsua izateko. Denok hartu behar dugu parte berrikuntza prozesuan, haur, guraso, aiton-amonak, irakasle, ikasle… Denok bide berdina hartu behar dugu dena ondo joateko. Berrikuntzaren kontra dagoen jendea dago, baina alde ere. Herritar guztiak elkarlanean aritu behar dira, berrikuntza guztiak ondo ateratzeko.
Hezkuntza munduan, eskolek, irakasleek, ikasleek eta gurasoek elkarlanean aritu behar dute. Hasteko, denak egon behar dira ados berrikuntza emateko. Horietako bat ados ez badago eta parte hartzen ez badu, zaila izango da berrikuntza ematea.
Eskolak eman behar du lehengo pausua, eskola baita botere gehien duena. Bera izan behar da berrikuntza hauen berri emango diena bai ikasle, irakasle eta gurasoei. Irakasleak eta gurasoak paper garrantzitsu bat hartuko dute, haurren ereduak direlako. Haurrak irakasleak eta gurasoak esaten dutenarekin ados egongo dira, beraz, berrikuntza arazorik gabe emango da.
PORROTA, ZERGATIK?
Ikusi dugun bezala, berrikuntzak egitea oso garrantzitsua da, bai, eta gehienok horrekin ados gaude, baina ikus dezakegu errealitatean askotan berrikuntzen saiakerek porrot egiten dutela. Saiakera txiki horiek ezerezean geratzeak zera dakar, berriro ere atzera egin eta hausten saiatzen ari ginen metodologia horretara itzultzea. Liburua bueltatzen da, eta irakasleak berreskuratzen du botere guztia.
Zergatik gertatzen ote da hau? Zergatik, erreminta teoriko eta praktiko egokienak eduki arren, ezin izaten dira berrikuntzak aurrera eraman? Ikerketa asko egin dira honen inguruan, eta zenbait taldetan bereizi dira arazo honetan eragiten duten faktore ezberdinak.
Hasteko, emozio pertsonalekin zerikusia duten faktoreak ditugu. Ikasgelan berrikuntza bat ezartzerako garaian, zaila da dugun erosotasunetik zerbait berri eta ezezagunera pasatzea, babes gabe sentitzen baikara, kaltebera. Horrez gain, gaizki aterako ote den beldur gara, eta aldatzeko gogorik ez duten ikasle batzuen kritikak jasotzearen beldur. Gainera, beste irakasleen babesa eta laguntza jasotzea espero dugun arren, izan liteke kontrakoa pasa eta baztertua sentitzea, eta hori prozesu zail eta neketsu honetan beste zailtasun bat besterik ez da. Hau ongi azaltzen duen metafora bat Athertonek eman zuen: bi itsasertzen artean gaude agerian, bata ezaguna da eta bestea ezezaguna. Aurretik entrenatu gabe bagoaz, eta tartean ez badago flotagailu edota salbamendu ontzirik, beste aldera akituta iristeko, edota are okerrago, ez iristeko aukerak handiak dira. Berrikuntza prozesu zaila da, eta prozesu horretan laguntzarik gabe murgiltzearen ideia ez da erakargarria.
Bigarren taldeak lanbide konpetentziekin du zerikusia, izan ere, arlo horretan erraztasunak ez izateak ere eragin handia du berrikuntza bat ezin aurrera eramateko orduan. Irakasleekin elkarrizketak egiten direnean, askotan entzuten dugu zeinen garrantzitsua den lanbidearekiko konpromezua edukitzea berrikuntzak posible izateko, baina errealitatean badira zenbait faktore konpromezu hau gutxitzera daramatenak, esaterako, irakasleengan eta beren lanarengan eragina izango duten legeen sorkuntzan ezin esku hartzea. Honek zailtasunak jarriko dizkie lana egiterako orduan, eta berrikuntzak aurrera eramateko gogoa kenduko die, ezin baitute haien moduan lan egin.
Azkenik, hirugarren taldeak inguruarekin du zerikusia. Irakaslearen inguruan dagoen egoerak beregan eragina du, eta orokorrean gizartean onartuta dauden zenbait arrazoirengatik, askotan berrikuntza oztopatu eta irakaslearen figura informazio emaile hutsa bihurtzen da, edo hala kontsideratzen dute, benetan irakasteko aukerarik eman gabe.
PROPOSAMENAK:
Arazo guzti hauei aurre egiteko, hezkuntza hobetuko duten zenbait proposamen daude, irakasleen formakuntza hobetuko dutenak, haien berrikuntza saiakerak oztopo hauen erruz geldi ez daitezen.
Horietako bat, klasean gertatutako gertaera kritikoak analizatzea da, bai naturalki igarotakoak eta baita guk eragindakoak ere. Horretarako, egoera horiek grabatu egiten dira, eta gero irakaslearekin batera gertatutakoa ikusi. Modu honetan, irakasleak aukera izango du bere erreakzioa berrikusi eta ongi egin duen ala ez hausnartzeko, eta zer hobetu dezakeen pentsatzeko. Horrela, irakasleak prestatuagoak egongo dira edozein egoeraren aurrean erreakzionatzeko, entrenatuagoak egongo baitira.
Beste alternatiba bat, sozializazio profesionalerako komunitateak dira.
Hezitzaileak, euren lanaren ikasle jarraiak eta etengabeak kontsideratzen dira.
Orain gutxi egin zen ikerketa batean hainbat sozializazio profesionaleko komunitateak alderatu ziren lan dinamikei zegokienez. Ikerkuntza horretan atera zuten ondorioa honakoa izan zen: Ikaskuntza profesionalak modu eraginkor bateagoan ematen ziren, egoera gatazkatsu, alderaketa zein baldintzapenezkoetan, hizlarien ekarpenei zegokienez beti ere. Honetaz gain, egiaztatu zen ikasleen ahotsa, ustekabeko baliabidea zela irakasten ikasteko.
Hung & Der-Thanq bezelako autoreek metodo eta ekintza formatibo batzuk proposatzen dituzte, mundu bat eraikitzea du helburutzat, iragazkortasuna eman dadin ikasle eta irakasleen artean. Horretarako prestakuntzarako kate bat proposatzen du hurrengo atalekin:
estrapolazioa, simulazioa, kooperazioa, hedadura, partaidetza mugatua eta eboluzioa.
Beste alternatiba bat irakasten ikasten den esparru hezitzaileak dira. Van Veen eta bere laguntzaileek ikertu dute ea zein diren eman behar diren baldintzak eta ondorio honetara ailegatu ziren: eskaintzen duten ikasketa maila mantentzea lortzen duten ikaslekuak datozen baldintzak jasotzen dituzte:
- Irakasleak, prozesu hezitzaileetako helburuak kolektiboki bere gain hartzen dituzte eta euren artean partekatzen.
- Erakundeak, proiektua bultzatzen du inongo oztoporik jarri gabe, eta aldi berean prestakuntzarako erraztasunak ematen ditu, honi, eskola-ordutegian tarte bat irekiaz
- Gainontzeko irakasleak, ontzat ematen dute proiektua eta laguntzeko prest daude.
- Azkenik, indartsuena den baldintza, partaideen motibazioari atxikituta dagoena da. Esfortzuaren emaitza errentagarria den heinean, zentruak, prestakuntzaren ondorioak kontuan izango dituela dio.
KONKLUSIOA:
Guzti hauek proposamenak besterik ez dira, zenbait ikerketen ondoren ateratakoak, baina gure ustez, berrikuntzak aurrera eramaterako garaian bada zerbait are garrantzitsuagoa, eta gure esku dagoena: gogoa, eta auto-konfidantza.
Etorkizuneko irakasle bezala, jakin badakigu bidea ez dela erraza izango, izan ere ikusi dugu oztopoak ba daudela, eta beste hainbeste arlotan gertatzen den bezala, luzaro hemen egon denari aurre egitea ez da erraza izaten, tradizioak pisu handia izaten baitu. Hala ere, alderdi positibotik begiratuta, ikus dezakegu pixkanaka, poliki-poliki aldaketa eta berrikuntza batzuk aurrera eraman ahal izan direla, eta gutxinaka hezkuntza hobetzen doala nabarmendu daiteke.
Uste dugu berrikuntza egunerokotasuneko gauza bat izan beharko litzatekeela, egunero egon beharko ginatekeela gauzak berritzen; sistemak, ideiak, metodoak… Berritzea haztea da, eta hezteko, hazten jarraitu behar dugu. Beti berdin jarriatu ezkero, dugunarekin ados eta ezer berririk bilatu gabe, agian duguna baino askoz ere hobea den zerbait galduko dugu, eta pausotxo batera besterik ez dagoena. Arriskatu egin behar gara eta gure lana beti ahalik eta hobekien egiten saiatu, haurrentzat egokiena dena bilatu. Baina hau egunero, gelditu gabe, hezkuntzan eta bizitzako beste aspektuetan ere.
Hezkuntza sistemari gainbegirada bat emanez argi geratzen zaigu asko direla berrikuntzak egiten saiatu baina gero atzera egin dutenak, arrazoi batengatik edo besteagatik; eta ziur beste asko berrikuntzaren ideia buruan bueltaka izan dutenak, baina praktikan jartzearen beldur izan direnak. Guzti hauen akatsetatik ikasi eta aurrerapauso bat ematen saiatu behar gara, hezkuntza sistemak dituen hutsuneak bete eta gustatzen ez zaizkigun akatsak zuzendu arte.
Horretarako, gure buruarengan sinistu behar dugu, eta aurretik aipaturiko oztopoei aurre egiteko indarra bilatu, kosta ala kosta. Azken finean, argi dago bidea ez dela erraza izango baina gehienetan lorpenak oso onuragarriak izaten dira, eta bene-benetan merezi du esfortzuak.
martes, 28 de febrero de 2017
ARGAZKIAK KURRIKULUMAREKIN ALDERATUZ
Laburbilduz, aipatu beharreko edukiak, nortasunaren eraikuntzarekin zerikusia dutenak gehiago dira, gorputzaren ezagutzarekin lotura dutenak baino; hala eta guztiz ere, bi multzoetatik ageri dira.
Lehenik eta behin, argazkiak komunean jarri eta bateratu ostean, ohartu gara lehenengo ereduan kokatuko genituzkeela denak, nortasunaren eraikuntzaren eta ingurune fisiko eta sozialaren ezaugarrien eremuan.
Inauteriak:
Honi dagokionez, esan genezakeen lehenengo ezaugarria, ingurunearekiko partaidetza-sentimenduak lantzea eta errespetu, interes eta balioespeneko jarrerak izatea haren elementuekiko izango litzateke. Bestalde, norberaren gorputza ezagutzea beste ezaugarri bat izango litzateke, bere buruaren gaineko irudia osatzeko. Adin horietan, ekiten zaio sexu eta generoko nortasuna eraikitzeari, eta biak bereizi ezean, gizarteak egindako hautuak barneratzen dira. Honetan eragin nabaria dauka eskolak, bere esku baitago bi generoetako haurrei, janzteko eran, aukera berak ematea, eta horrela haien sexualitatea bizitzeko aukera ematen zaie. Hemen, eta hurrengo bi eremuetan ere, helburua haurraren bizi-ingurunean egiten diren bertako eta kanpoko festak, tradizioak eta ohiturak ezagutzea eta haietan parte hartzea da, haiekin gozatu eta nortasun-zeinu diren aldetik balioesteko. Hemen ebaluazio irizpideei dagokienez, gizarte-ingurunea ezagutzeko jakin-mina adieraztea, erreferentziazko gizarte taldeetan gogoz parte hartuta nabarmentzen da. Askotariko tradizio kulturalen jardueretan parte hartzen du eta haien ezaugarrietako batzuk ezagutzen ditu.
Santo Tomas:
Atal honetan, ezaugarri nagusienetako bat ingurunearekiko partaidetza-sentimenduak lantzea eta errespetu, interes eta balioespeneko jarrerak izatea da, horrez gain, sexu eta generoko nortasuna eraikitzen ere laguntzen du, izan ere, haurrek baserritar jantzia neskena edo mutilena nahi duten erabaki dezakete, eta erabaki horretan haien izaera moldatuz doa. Aurrekoan adierazi dugun bezala, helburua haurraren bizi-ingurunean egiten diren bertako eta kanpoko festak, tradizioak eta ohiturak ezagutzea eta haietan parte hartzea da, haiekin gozatu eta nortasun-zeinu diren aldetik balioesteko. Hemen ebaluazio irizpideei dagokienez, gizarte-ingurunea ezagutzeko jakin-mina adieraztea, erreferentziazko gizarte taldeetan gogoz parte hartuta nabarmentzen da. Askotariko tradizio kulturalen jardueretan parte hartzen du eta haien ezaugarrietako batzuk ezagutzen ditu.
San Sebastian:
Donostiarrontzat hain berezia den egun honetan, ingurunearekiko partaidetza-sentimenduak lantzea eta errespetu, interes eta balioespeneko jarrerak izateaz gain, gure nortasuna eraikitzen doa, geurea den sentimendu bat pixkanaka barneratzen dugulako. Hemen ere, inauterietan eta Santo Tomas egunean bezala, helburua haurraren bizi-ingurunean egiten diren bertako eta kanpoko festak, tradizioak eta ohiturak ezagutzea eta haietan parte hartzea da, haiekin gozatu eta nortasun-zeinu diren aldetik balioesteko. Hemen ebaluazio irizpideei dagokienez, gizarte-ingurunea ezagutzeko jakin-mina adieraztea, erreferentziazko gizarte taldeetan gogoz parte hartuta nabarmentzen da. Askotariko tradizio kulturalen jardueretan parte hartzen du eta haien ezaugarrietako batzuk ezagutzen ditu.
Oporrak/irteerak:
Kasu honetan, ezaugarri nabarmenena, ingurune fisiko zein sozialarekin haurrak duen edo sortzen duen harremana da. Ingurune hauetako elementuak ezagutzeak eta elementu horien gainean egiten dituzten ekintzek eboluzio bat sortzen dute haurrengan. Bestetik, haurrei jakin min eta interes handia pizten die ingurune naturalak eta bertako izaki eta elementuek; honi esker, izakiak ezagutzeari ekiten dio haurrak, haien artean erlazioak sortuz eta haien ezaugarri eta bizi-funtzioak ezagutuz. Hemen helburu nagusia ingurune fisiko eta soziala behatu eta aztertzea eta hura ezagutzeko interesa adieraztea da, haren partaide izateko sena lantzeko eta ingurune horretan nolabaiteko segurtasunez eta autonomiaz jarduteko. Hemen ebaluazio irizpide bat nabarmentzearren, ingurunea haren elementuen behaketaren, eskuzko erabileraren eta esplorazioaren bidez deskubritzeko jakin-mina adieraztea komentatuko genuke. Maiz erabiltzen dituen lekuetan orientatzea eta kokatzea, oinarrizko espazio-nozioak egoki erabilita.
Guraso/anai-arrebak:
Honetan nabarmendu genezakeen ezaugarrietako bat, nortasun propioaren eraikuntza da. Izan ere, honetan guraso eta familiarrek eragin handia dute. Hau, imitazioaren bidez ikasten dugulako izan daitekeela uste dugu. Hemengo helburu nagusien artean, hauek nabarmentzen ditugu: ohartzea norbera pertsona berezia dela eta nork bere buruaren gaineko irudi orekatu eta positiboa osatzea, norberaren nortasuna eraikitzeko; eta ongizate emozionalari eta fisikoari dagozkion jarrerak lantzea, segurtasun afektiboa finkatu eta eguneroko bizitzako egoerez gozatzeko.
Lehengusu-lehengusinak:
Familiaren zati hau estimulu iturri bat da, izan ere, haien hezkuntzan gero eta esperientzia zabalagoak izateko aukera emango die haurrei eta, haien bidez, pertsonak eta pertsonen arteko harremanak ezagutzeari ekingo diote. Horren bidez, loturak sortuko dituzte pertsonekin eta konfiantza, enpatia eta atxikimenduko jarrerak landuko dituzte, haien sozializazioaren oinarri direnak. Hemen helburu bat nabarmentzearren, hurbilean zer gizarte talde dituen jakitea eta haiengana, haien kultura ekoizpenetara, balioetara eta bizimoduetara jarrera irekiz gerturatzea, konfiantza, errespetu eta balioespeneko jarrerak lantzeko.
Txikitako panpinak:
Hemen nabarmendu dezakegun ezaugarria haurrek panpinekin identifikatzeko duten joera da. Horrez gain, nortasun propioaren eraikuntzan laguntzen du. Gainera, haurrek objektu pertsonalek duten garrantzia ikasten dute, panpina baita haientzat garrantzitsuena, eta zaintzen dute. Kasu honetan, helburuetako bat bere buruaren gaineko konfiantza sentimendua handitzea izan daiteke, eta errespetu jarrera sustatu eta norberaren jokabidea erregulatzea. Ebaluazio irizpideen inguruan, gorputzaren egituraren gero eta irudi doituago bat adieraztea eta bere sentsazio eta pertzepzioez jabetzea nabarmenduko genuke. Honen bidez, bere eta gainerako pertsonen gorputzaren atalak ezagutzen, izendatzen eta kokatzen ditugu.
Edukiak
Atal honetan sakonduz, ohartu gara, multzo guztiei antzeko edukiak atxikitzekotan egon garela, eta ondorioz denak batera biltzea erabaki dugu.
Edukiei dagokionez, hainbat eduki komunen agerpena nabaria da, izan ere zereginen eta proiektuen planifikazioari azterketa berezia ematen zaion atala baita, bai mozorroen, zein ekitaldien aldetik. Esan bezala, inguruarekiko partaidetza-sentimenduak lantzen dira, eta hain zuzen ere, hemen enpatia eta errespetua izan daitezkeen beste hainbat jarrera ere kokatuko genituzke, hau da, pertsonen arteko harremanak eta komunikazioa lantzen da.
Aipàtu bezala, atal honetan nortasunaren eraikuntzak garrantzia handia du, eta hau bera ikus daiteke zentzumenen eta gorputzaren erabileran, kasu honetan, inguruaren azterketa egiteko. Baita ere, aipagarria litzateke, norberaren segurtasun afektiboa ziurtatzeko estrategien erabilera (lagun multzoak, irakaslea…).
Garapen motorra, kasu honetan nortasunaren eraikuntzarekin lotuta dagoena, oso garrantzitsua den atala iruditzen zaigu, izan ere, mendira joatean, inauterietako ikastolako dantza egiterakoan, jolas egiterakoan eta beste hainbat adibidetan, norberak, bere gorputzaren ahalmenak eta mugak ezagutu behar dituelako.
Hainbat kasutan eman da, ingurune berri batera salto egitea. Hau honela, ingurune berriko objetuen ezagutza eman da zentzumen eta esperientzien bidez. Jolasa izan da esplorazio bide nagusia.
Afektuarekin lotura egiteko orduan, gizarte-inguruneko hartu-emanei dagozkien hainbat eduki ikusi ahal izan ditugu. Lotura afektiboen ezarpena nabaria izan da kasu askotan, helduekin zein gelakide, lagun, lehengusu eta abarrekin.
Laburbilduz, aipatu beharreko edukiak, nortasunaren eraikuntzarekin zerikusia dutenak gehiago dira, gorputzaren ezagutzarekin lotura dutenak baino; hala eta guztiz ere, bi multzoetatik ageri dira.
Gure lanak behatu ostean, hainbat antzekotasunekin topo egin dugu:
- Inauteriak:
Inauteriekin lotura zuzena duten hainbat argazki ditugu. Gehienok, data hauetako argazkiak bildu ditugu, horrenbestez, inauteriak gure haurtzaroan izan duten pisuaz ohartu gara.
Mozorroak ziren gai nagusia, eta horretaz gain, gutako batzuk, ikastetxeetan dantza batzuk prestatzen genituen. Ekitaldi hauek izan dira, inauterien garrantzia guregan nabarmendu dutenak. Mozorrotzeak duen xarmak, guregan, zirrara berezia sortzen zuen, oso atsegin genuelako egunerokotasunetik at egotea, beste pertsonaia batean bihurtuz.
- Santo Tomas:
Inauteriekin zerikusi handia duen eguna da Santo Tomas, izan ere, jantzi berezi batzuk soinean jartzen ditugu, baserritar jantziak direnak, honela Santo Tomas eguneko tradizioa jarraituz. Jantziez gain, egun honetan ohikoa den moduan, txistorra jaten dugu, taloarekin zein ogiarekin.
Eskolan ospatzeaz gain, Donostiako kaleetan zehar, ospakizunak darrai. Konstituzio plazan dagoen txerriari bisita egiteko ohitura dago. Hau honela, garrantzi handia duen eguna da oraindik Abenduaren 21eko Santo Tomas eguna.
- San Sebastian
Taldekide batzuk donostiarrak izanik, errepikatzen den beste data bat San Sebastian eguna da, urtarrilaren 20a hain zuzen ere. Egun hau urteko egunik garrantzitsuenetakoa da donostiarrentzat, txiki-txikitatik ospatu dugun zerbait delako. Eskolek, 20 goizeko haur danborradan parte hartzeaz gain, askotan bezperan danborrada txiki bat ospatzen dute patioan, zeinetan txikienek ere parte hartu dezaketen. Egun honetan jantzi oso bereziak erabiltzen dira, konpainia bakoitzak berea, eta danborrei eta upelei kolpeka igarotzen dugu eguna.
Egun berezia da adin guztietako donostiarrentzat, gerora garrantzitsua izango den data batean txikitatik murgilduta sentitzeko aukera dagoelako.
- Oporrak/Irteerak
Oporrei eta irteerei dagokionez, hainbat argazki ezberdin bildu ditugu: Batzuk, mendi irteerenak dira, beste batzuk, familiarekin eginiko bidaiei dagozkienak dira…
Egunerokotasunetik kanpo ateratzeko, bidaia hauetan ingurunea eta lagunak aldatzen dira
maiz. Kanpinera eginiko bidaien argazkiak ditugu, eta bertan eginiko lagunak eta bizitako uneak gogora ekartzen dizkigutenak. Bestalde, argazki batzuk, guretzat oso garrantzitsua den leku batean eginikoak dira.
Horretaz gain, eskolarekin egindako txangoak ere bildu ditugu. Irteera hauek, zenbait lagunekin sortutako harreman estuak ekartzen dizkigute gogora, eta arrazoi horregatik da gure blogean bildu izana.
- Gurasoak / Anai-arrebak
Guztiok ditugu gurasoekin eta anai-arrebekin argazkiak, izan ere, familia oso garrantzitsua da bizitza osoan zehar, baina, batez ere, haurtzaroan.
Familiak txiki-txikitatik ezagutza asko transmititzen dizkigu. Denbora asko igarotzen dugu beraiekin eta beharrezkoak bihurtu dira. Gurasoak laguntzeko prest egon dira beti eta horregatik haur baten bizitzan zutabe garrantzitsua da
Anai-arrebekin dugun erlazioa oso berezia da. Askotan tira-birak eduki arren, gure haurtzaroan pertsona garrantzitsuak izan dira eta gauza asko irakatsi dizkigute.
- Lehengusu-lehengusinak
Lehengusu-lehengusinekin dugun erlazioa oso estua da. Lehengusu-lehengusinak txikitako lehenengo lagunak izaten dira eta haiekin bizitako abenturak betirako oroitzapenak dira. Adin tarte ezberdinak egon arren harremana ezin hobea da.
- Txikitako panpinak
Ume guztiek dute begiko panpinaren bat. Panpin hau erosia izan daiteke ala norbaitek oparitua, baina haurrarentzat oso berezia da eta leku guztietara eramaten du. Segurtasuna eta maitasuna transmititzen dio haurrari eta normalean heltzen doan heinean zaila izaten da panpina baztertzea, bere txikitako “laguna” delako. Hala ere, argi geratu da garrantzitsua dela denbora igaro ondoren gordetzen jarraitzen dugulako edo garrantzitsua den norbaiti oparitu diogulako.
lunes, 6 de febrero de 2017
TXIKITAKO OROITZAPENAK
Eskola garaiko urte bat
hartuko dut erreferentzia moduan, bai urtean zehar egindako ekintzak, eta bai
oporretan egindako irteerak gogora ekartzeko. Klaseetan egiten nuenaz oroitzen
ez naizen arren, argazkiak ikusiz, eskolatik kanpo egiten nituen estraeskolarrez
gogoratzen naiz. Eskolatik irteten nintzenean eskalada egitera joaten nintzen
lagun batekin astean bitan, hori 5-6 urte nituela egiten nuen. Gogoan dut,
bildur handia ematen zidala behin goraino iritsita tirolinatik jaistea, eta
nire lagunak egiten zuela ikusita, egun batean, ausartu egin nintzen. Oso
sentsazio ona izan nuen pausua ematean, oso ondo sentitu nintzen nire
buruarekin. Eskaladaz gain, margoketa-tailer batera joaten nintzen. Bertan,
eskulanak egiten genituen, marrazkiak, plastilinarekin aritzen ginen… Ondoren
jarriko dudan argazkikoa egun berezia izan zen; izan ere, kalera atera ginen
horma bat margotzera eta oso ondo pasa nuen. Hirugarren mailatik aurrera,
eskola-kirolean hasi nintzen. Partidoak izaten genituen larunbat goizetan eta
hori izan zen kirolarekin izan nuen lehen kontaktua.
Eskolan bertan, urtean
zehar, hainbat festa ospatzen genituen; hala nola, santo tomasak, san
sebastianak, santa ageda, iñauteriak… Egun horietan lagunekin batera oso
oroitzapen onak ditut, oso momento onak igarotzen genituen. Hala ere, gehien
gustatzen zitzaidana, egun horietarako prestatzea izaten zen: mozorroak egitea,
dantzak ikastea…
Udaran, familiarekin
eta familiako lagunekin oporretara joaten ginen. Segidan jarriko dituten
argazkiak ondorengoak dira: lehenengoa Bilboko Aste Nagusian da, Gargantuatik
jetsi ondoren. Beldurra ematen zidan arren, anaia txikiari lagundu behar
nionez, jetsi egin ginen biak batera, eta hainbeste gustatu zitzaigunez, orduak
pasa genituen atrakzio berean. Beste biak, oporretan dira, bat Formigalen eta
bestea Aian.
Irati Soroa Amenabar
GA2
Suscribirse a:
Entradas (Atom)